Publicado el

Aitor Aspuru: “Herri mugimenduetan droga ez da modu kritikoan kontsumitzen”

Drogas capitalismo

Aitor Aspuru: “Herri mugimenduetan droga ez da modu kritikoan kontsumitzen”

2014-08-04 @ 09:22 Lander Arretxea

‘Drogak, kapitalismoa eta mugimendu erradikalak’ du izena Aitor Aspuru kazetariak Gatazka Kolektiboa izenpean argitara eman duen saiakerak. Ez du bere izena erabili nahi izan liburua idazteko beste hainbat kide eta elkarrizketaturen ezinbesteko laguntza izan duelako. Liburua espainieraz dago idatzia, eta besteak beste, Euskal Herrian drogaren inguruko eztabaidan izan diren aurrekariak ditu aztergai. Drogaren bilakaera historikoa eta kontsumoak kapitalismoarekin dituen loturak ere arakatu ditu Aspuruk, behar baino gutxiagotan lantzen dugun eztabaida arantzatsua hauspotuz.

Euskal Herriari dagozkionak bideoan bildu ditugu, baina drogaren arazoa ikuspegi orokorrago batetik begiratzen duten galdera-erantzunak ere irakur ditzakezu segidan.

Gizakia gizaki denetik drogak era badirela esan ohi da. Zer adierazten du horrek?

Gizakia azken finean animalia da eta gure espeziaren biziraupenerako kultura sortu dugu. Baina tramankulu sozial horrek nolabaiteko errepresioa eragiten du gure baitan, gure grinekin talka egiten duelako. Errepresio hori malgutzeko erabili dira eta erabiltzen dira drogak, hainbat kulturatan. Baina ez da hori garrantzitsuena, nolako erabilera ematen zaion baizik. Ez dut uste esaterako, Perun, naturari lotutako gizartetan egiten den drogaren erabilera guk egiten dugunarekin aldera daitekeenik.

Droga kontsumoarekiko kezkatik abiatzen da liburua, baina ez da, ohikoa den bezala, kalte fisiko indibidualetan oinarritzen, gizarte ikuspegi batean baizik.

Drogen gaia norbanakoen ikuspegitik aztertzea liberalismoak saltzen duena jarraitzea da: bakoitzak nahi duena egin dezakeela… Baina komunitate batean norberak ezin du nahi duena egin, gainerakoekiko erantzukizuna ere baduelako. Ikuspegi horretatik, beste hainbat arazoren harira izan diren jarrera kolektiboen gisan, drogarekiko ere lanketa kolektibo bat egin beharko litzateke. Baina, gaur egun, ez da drogen arazoa mahai gainean jartzen.

Kapitalismoak drogak behar ditu irauteko, edo gu gara kapitalismoan bizirauteko drogak behar ditugunak?

Gu ere gizarte kapitalista gara, zati bat. Kapitalismoa ez da sistema hidrauliko bat, harreman sistema bat baizik, eta horren baitan gaude gu. Zentzu horretan, funtzionalak izateko eta sistemaren iraunkortasuna edo funtzionamendu zuzena bermatzeko behar ditugu drogak. Drogarik gabe agian biziraun dezake kapitalismoak, badaudelako ihes egiteko beste hainbat modu: pornografia, futbola, bideo-jokoak… Hortaz, drogak ez dira kapitalismoaren oinarri nagusia, baina beste hainbat gauza kritikatu ditugun modu berean -kontsumismoa, patriarkatua…-, drogekiko ere jarrera bera izan behar genuke.

Aitor Aspuru